TAO zerbitzurako Barakaldoko udaletxeak kontrataturiko enpresak (Dornier S.A.) osasun arazoengatik izaniko baja batzuk direla medio, langile bat kaleratu du. “Enpresak, bestelako arrazoirik ez aurkeztean, kaleratzearen bidegabekeria onartzen du” azpimarratzen du CNT sindikatuak. Erakundeak salatu duenez, enpresan 14 urte daramazkien eta egun gaixo dagoen langile bat da.
Erakunde anarkosindikalistaren esanetan, “gaixotasunarengatik bajan egoteagatik langile bat kaleratzea” onartezina da. “Hainbat eta hainbaten odol eta izerdiaz lorturiko eskubideen aurkako eraso bortitz bat” dela argudiatu du sindikatuak, “Dornier bezelako enpresek noiznahi zapaltzen dituzten eskubideak”.
Horretaz gain, CNTk enpresa batzordea kritikatu du (CCOO, UGT eta ordezkari independiente batek osatua) “gaixo dagoen langile baten kaleratzea ekiditearren ez mugitzeagatik”. “Beste behin ere, eta kontaktuak eman diren arren, aipatu sindikatuek ezikusiarena egin dute”.
CNTk adierazi duenez, ez du langilea berriro hartzea eskatuko “PPren erreformaren ondoren kaleratua izan bait zen eta berriz hartua balitz, kalteordainaren erdiaren truk beste behin kaleratua izan daitekeelako”. “Hala eta guztiz ere, horrek ezin gaitu kaleratze bidegabe honen salaketa publikoa baztertzera eraman” azpimarratzen du.