Larunbat honetan Donostia eta Mendabian frankismoaren biktimen omenez burutu diren ekitaldi instituzionalen ondoren, CNT sindikatuak “bi deabruen teoria” betikotzearen arriskuaz ohartarazi du. “Bidenabar, faxismoa eta mota guztietako zapalkuntzaren aurka” erakundeko militanteek eutsitako borrokak aldarrikatu ditu CNTk.
Balorazioa, Donostia eta Mendabian (hurrenez hurren, Bildu eta PSNk gobernatuak) izandako omenaldi instituzionalen segidan egin du erakunde anarkosindikalistak. Herri bietan, alkateak udaletxean hartu ditu senideak eta bertan burutu da ekitaldia.
Segidan “Dual” izeneko eskultura desestali da Donostian eta plaka oroigarri bat Mendabian. Gipuzkoako hiriburuan Donostiako genozidioaren biktimen elkartearen hitzek eta Donostiako Orfeoiko kideen emanaldiak bukaera eman diote omenaldiaren egitarauari. Nafar erriberan, Mendabiako auzokideek lagunduta, senideek lore eskeintza bat egin diete biktimei herriko hilerrian.
Donostiako udalak frankismoak errepresaliaturiko udal langileak omendu zituen iaz.”Udalak ez zuen CNT omenaldi ekitaldira gonbidatu, nahiz eta errepresaliaturiko langileetariko batzuk heuren militantzia anarkosindikalistarengatik zigortuak izan” adierazi du sindikatu honek. “Oraingoan ere –salatu du- ez Donostiako udalak ez Mendabiakoak (PSN) ez dituzte erakunde historikoak gonbidatu”.
“Biktimen memoria soziopolitikoa ezkutatzeaz haratago, sarritan nahiera erabiltzen da, haien lepotik egungo egoeraren irakurketa partidistak eginez edo omenduen kultura soziopolitikoarekin bat ez datozen ikonografia eta prozedurak erabiliaz” adierazi du zentral anarkosindikalistak.
Ildo beretik, CNTk salatu duenez “gobernu ardurak dituzten alderdien memoria historikorako politika publikoek norbanako biktimizatuaren erreparazio moral eta sinboliko soilera zuzenduta daude, ez dute egian sakontzea helburu, justizia baztertzen dute eta ez errepikatzeko bermeak gizartearen kontzientziaziora alboratzen dute”. “Frankismoaren giza eskubideen urraketa larrien ezagutzaren sozializazioa ez da nahikoa berme”. “Genozidioaren ardura gizarte osoarena dela ikusaraztea gerta daiteke eta arduradunek badute izenik: armada, eliza katolikoa, kapitala eta faxismoa” –zehaztu du.
“Matxinada militar faxista eta genozidio frankistak klase borrokan dute jatorria” gogoratu du erakunde anarkosindikalistak eta “antifaxisten memoria jorratzerakoan heuren biktima kualitatea aintzat hartu eta militante izaera aldiz zokoratzea, diskurtso gerrazibilista betikotzen laguntzea da, bi deabruen teoria eta berradiskidetzearen ideiari eustea alegia”.
CNTk, bestalde, “kriminal frankisten zigorgabetasuna bermatu asmoan egindako puntu eta kitto lege bat denez, Amnistiaren Legea legalki erabat indargabetzea” defendatu du. “Lege tranpa hau da –adierazi du erakunde anarkosindikalistak-, PSOE, PCE, egungo CIU eta PNVren ezinbesteko laguntzaz erditua izan zena, biktimak eta gizarte osoa egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubideaz desjabetzen gaituena”.
Azkenik, memoria historikoa aldarrikatu du CNTk “gure aiton amonek amesturiko gizon eta emakume askeez osaturiko mundu berriaren aldeko borrokan lanabes preziatua –dela esanez-, behar beharrezko balore, ideia eta ezagutzen transmisiorako”. “Memoria historikoa galdu bagenu –bota du zentral anarkosindikalistak- ordezkagarritasuna, hauteskundeak, liberatuak eta dirulaguntzen zurrunbiloan alferrik galduriko beste sindikatu ofizial bat baino ez ginateke izango”.