Beste era

Ordaindu gabeko aparteko orduak oso desorekatuta sektorearen eta autonomia erkidegoaren arabera

Ez ordaindutako aparteko lan orduak eta absentismoa txostena argitaratu berri du Langile Komisioek (CCOOk), autonomi erkidego bakoitzean egiten eta ordaintzen ez diren aparteko orduak aztertuz. Gainera, lan-absentismoaren egoera ere aztertzen du, erakunde patronal eta euren Lobbyek langileen aurka egiten duten propaganda gezurtatuz.

Espainian, astero ordaindu gabeko aparteko 3 milioi ordu egiten dira, egiten diren osoaren %44a. Erakunde sindikalaren hitzetan, irudi hau askotan sektore prekarioekin lotu da, nahiz eta datuek hau kolokan jarri. Bestetik, datuak zeintzuk diren ikusita, lan-absentismoa garrantzirik gabeko elementu bat da. Lan-absentismoa justifikaziorik gabe lan egin ez den denbora eta ordaindu gabea dena da. Lan-araudi eta hitzarmen kolektiboek arautzen duen ordaindutako denbora: oporrak, jaiegunak, amatasuna, aldi baterako ezintasuna, ordaindutako baimenak, grebak... ez da lan-absentismoa. Patronal eta lobby hauek informazioa ezkutatzen dute, ordaindu ez dituzten orduak ez aipatuz eta lan-absentismoaren kasuan, justifikazioa duten arrazoiak beraiek egindako estatistiketan sartuz: helburua enpresa-diziplina gogortzea da.

Errezesio Handia eta ordaindu gabeko aparteko orduak

Txostenaren arabera, aurten egindako aparteko ordu hauek goreneko maila jo dute, astero 6,8 milioi ordu izan baitira. Hauetatik soilik %56a ordaindu da (bai dirutan baita denbora librean); beste %44a ordaindu barik geratu da, Gizarte Segurantzari, langileei eta gizarte osoari iruzur handia eginez. Bataz beste 825.500 langilek, euren jardunaldia amaitu eta lan egiten jarraitu dute. Zein da honen ondorio zuzena? Langabezia handiko egoera batean 170.600 jardunaldi osoko enplegu berri ordeztu dutela.

Aparteko orduak sektore prekarizatuekin lotzen da, baina irudia hori ez da hain argia: ordaindu gabeko aparteko orduak egitea esplotazio era bat da, kalitate handiko sektoreetan biltzen dena: kontratu mugagabeak, jardunaldi osoak, zerbitzu sektoreko lanbide teknikoak...

Zerbitzuen sektorea txapeldun

Sektoreka, zerbitzu alorrean ordaintzen ez diren ordu proportzioa oso handia da: ostalaritzan, merkataritzan, hezkuntzan, batik bat. Sektore batzuetan aparteko orduak ez ordaintzea zeozer arrunta da; finantza eta aseguru sektorean (ez ordaindutakoak guztien %94 da); higiezinen jardueretan (%89), jarduera profesionaletan (%86) eta hezkuntzan (%80) aurki ditzakegu. Administrazio publikoan %45a ez da ordaintzen ere.

Ordaindu gabeko aparteko orduen proportzioa, sektoreka

Aparteko lan orduak
Iturria : CCOO

Autonomia erkidegoetan, ezberdintasun nabariak.

Azpimarratu behar da, zenbaki absolutuetan, ordaindu gabeko hiru orduetatik bi Madril, Valentzia, Katalunia eta Andaluzian ematen direla. Euskal Herri penintsularrean, jardunaldi osoko enpleguak sortzeko aukera nabaria da, aparteko orduen ordez, langileak kontratatuko balira. Ordaindu gabeko aparteko orduek 4.582 enplegu sortzeko aukera ematen dute, eta ordaindutakoek, aldiz, 4.239 enplegu. Guztira, 8.821 enplegu berri. Gogoratu behar dugu abenduaren hasieran 154.514 langabetu zeudela, neurri honekin %5,7 bat murriztuko lirateke.

Astean egindako aparteko orduak, erkidegoka

Aparteko lan orduak 2
Iturria : CCOO

Estatistika ekonomikoak eta sozialak alderatzerakoan, sarritan gure lurraldea Espainiar Erresumarekin alderatzen da, gure “euskal oasi” hau azpimarratuz. Ba datuen arabera, ordaindu gabeko aparteko lan orduen “ligan”, Euskal Autonomia Erkidegoa bigarrena da, Ceuta eta Melilla ondoren: aparteko lan orduen %56a ez dira ordaintzen; Espainiar Erresuman, aldiz, %44. Nafarroan %35 dira.

Patronalek lan-absentismoa puzten dute

Langile Komisioak sindikatuak egindako ikerketaren arabera, lan-absentismoak ez du garrantzirik, erabat murritza da. Kasu honetan, estatistikak Estatu mailakoak dira, autonomi erkidego mailan daurik ez daudelakok. Hiru-hileko Lan Kostuen Estatistikaren arabera, hilean batez besteko 149,5 lan ordu ordaintzen dira; horietatik 134,9 lan ordu efektibo egiten dira (%90,2) eta 14,6 ordaindutako eta lan ez egindako orduak dira: oporrak, jaiegunak, amatasun-bajak eta antzekoak. Lan egin gabe eta ez ordaindutako ordu kantitatea oso murritza da, hilean 18 minutu, egunero minutu bat baino gutxiago. Arrazoien artean grebak, itxiera patronala eta absentismoa aurki ditzakegu.

Hala ere, ez dago estatistika zehatzik absentismo hori banantzeko. Datu honetatik ondoriozta dezakegu nola hain aipatutako absentismo hori erabat garrantzibakoa dela.

(Artikulu originala Hordagon argitaratua)

Kanpainak

RS K2 Content Slider

You don't have any item to show

Lan gatazkak