“Borrokak aurrera jarraitu behar du”

Inprimatu

Ostegun honetako grebak izan duen erantzun zabala nabarmendu du CNT sindikatuak. “kontuak kontu, langileriak argi eta garbi erakutsi du ez dagoela inondik inora prest dagozkion eskubideak lapurtuak izaten uztera” azpimarratu du CNTk.

Argazki galeria

Bilboko kaleetan jende andana bildu duen manifestazio baten ondoren, erakunde anarkosindikalistak azaldu du lan erreforma baliogabetzeko mobilizazioak “ezin direla soilik egun honetara mugatu”. “Kalean egoteko garaia dela eta langileen eskubideekin ezin daitekela arinkerietan ibili” gaineratu du sindikatuak.

Horren harira, “Kapitalaren eraso errepikakorrei aurre egiteko egitasmo sendoa duten guztiekin elkarlanerako prestutasun” jarrera plazaratu du CNTk. “Gaur Euskal Herrian mobilizatu diren milaka pertsonek mezu ozen bat jaurti dute: alferrikakoak dira aitzakiak; eraso oro ahalik eta irmotasun handienaz erantzun behar dugu”.

Bestalde, egunean zehar izan diren tokian tokiko oldarraldi polizialekiko bere erabateko gaitzespena adierazi du sindikatu honek. “Beste behin ere, Estatua eta bere beso armatua gogoz saiatu dira herritarren protestak isilarazten. Eta beste behin ere, ez dute lortu” gaineratu du.