Hainbat hilabeteko gatazkaren ondoren, larunbat honetan Santurtzin egingo den manifestazio batean parte hartzera deitu du CNT sindikatuak, Lombide eta Sirkari garbiketa enpresetako langileek pairatzen duten egoera salatzeko. "Kalean errepresio sindikala eta abusuak ez direla inoiz zigorrik gabe geratuko erakusteko unea da", nabarmendu du zentral anarkosindikalistak, eta mobilizazio horri begira babes ezberdinak eskatu ditu.

Astearte honetan prentsaurreko batean iragarri duenez, manifestazioa Kabiezesko biribilgunetik abiatuko da 12:00etan eta Limpiezas Sirkariko kokagunetik gertu igaroko da, baita Limpiezas Lombideren egoitzatik ere. Santurtziko parkean amaituko dute ibilbidea.

CNTk gogorarazi duenez, Limpiezas Lombideko langileak "benetan lan egiten duten baino ordu kopuru txikiagoarekin daude kontratatuta, eta horrek soldata eta kotizazio murrizketa handia dakartza kasu askotan". "Sektore feminizatuetan oso ohikoak diren enpresa-praktika horiek soldata-arrakala eta emakume langileekiko diskriminazioa areagotzen dute", azpimarratu du.

Bien bitartean, Limpiezas Sirkari enpresak uko egin dio CNTko kide den langile bat berriz hartzeari, "Subrogatua izateko duen eskubidea urratuz". "Gure lankide Sofia, aurretik Lombiden lan egindakoa, kaleratu egin zuten baja hartzera zihoanean", adierazi du sindikatuak. Zentzu horretan, enpresak "ezagutzen zuen Sofiak Limpiezas Lombiden duen afiliazio sindikala".

Enpresa horien aurkako epaiketen gertutasuna ikusita, errepresioaren aldeko hautua egin du Lombidek. "Gure lankideak gainetik kendu nahi dituzte 200 langile baino gehiago dituen enpresa batean aurrekaririk gerta ez dadin, gure lankideen egoera berean baitaude", ohartarazi du CNTk.

Testuinguru horretan, zentral anarko-sindikalistak "gertaera horien larritasunaz" ohartarazi du; izan ere, "langile horien bizitzeko baliabideak arriskuan jartzen ari dira", eta "gure kideen eta langile guztien oinarrizko eskubideen aurkako eraso argia dira".

Arrazoi horiengatik, gatazka honetan Ezkerraldeko gizarte kolektiboen elkartasuna eskatu du CNTk. "Gure ustez, gai hau lan arlokoa baino gehiago da: gaur inoiz baino beharrezkoagoa da emakume borrokalari horiek babestea eta enpresa horien nagusitasunaren aurrean erantzun sendoa ematea; izan ere, enpresa horiek nahiago dute gezurra esan eta bezeroak galdu, lankideen eskubideak aitortu baino", gaineratu du.

 

Saila: Berriak
  •  Urtero moduan, presoen alde SAREk antolatzen duen manifestazioan parte hartzeko deia egiten du CNTk
  • "Espetxe politika aldatzea exigitzen diegu Espainiar Erresumako gobernu berriari", esan du erakunde anarkosindikalistak.
Saila: Berriak

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena