20/01/30

Greba orokorraren ostean duintasunaren aldeko borroka "mantendu eta zabaltzeko" deia egin du CNTk

  • CNT sindikatuak ostegun honetan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan pentsio, lan eta bizitza duinak eskatzeko mobilizatu diren milaka lagunak agurtu ditu.
  • "Grebak, langile klasearen funtsezko tresnak, aldarrikapen horiek mahai gainean jarri ditu berriro ere, eta batasunaren bidez soilik helburu horiek lortzeko pausoak eman ahal izango ditugula gogorarazteko balio izan du", adierazi du zentral anarkosindikalistak.

Sindikatuak -grebaren deitzaileetariko bat- gaur arratsaldean jakitera eman duen premiazko balorazio batean azpimarratu duenez, “Duintasunaren aldeko borroka ezin da gaur amaitu, ezta egun bateko mobilizaziora mugatu ere”. “Horrela erakusten ari da pentsiodunen marea, bi urte kalean daramatzana, eta horrela erakutsi behar dugu erakunde sindikalek”, azpimarratu du.

Testuinguru horretan, lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko mobilizazioen kanpaina “mantentzera eta zabaltzera” deitu du CNTk, eta, aldi berean, ohartarazi du kontzertazioaren eta elkarrizketa sozialaren bidea “kosta ahala kosta ezer aldatzea saihestu nahi dutenen errezeta faltsuak” baino ez direla. "Kontuz promesekin eta engainuekin: hemen jada ez dute konponketa merkeek balio”, adierazi du zentralak. Hain zuzen ere, erakundeetatik “gatazka desaktibatu edo moketa duten aretoetara eramango” dutenen aurrean erne egoteko deia egin du.

Era berean, pentsiodunen mugimenduaren izaera “autonomoa eta zeharkakoa” nabarmendu du sindikatuak. "Banderarik eta partidarik gabeko zuen borrokak erakusten digu herriak soilik salbatzen duela herria", esan du CNTk.

Azkenik, CCOO eta UGT sindikatuek orain arte egindako lana deitoratu du, eta “zein aldetan dauden publikoki esatea” eskatu die. “Batez ere, gezurrak botatzeari uzteko eskatzen diegu, euren lotsak ezkutatzeko”, gaineratu du erakundeak.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena