21/04/25

Apirilak 28. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Eguna

Egilea Endika Alabort Amundarain


Bertsio laburrago bat entzun daiteke hemen, gazteleraz. Bertsio originala Argian argitaratu zen

Urtea hasi zenetik, 16 langile hil dira. Horrek esan nahi du 6,5 egunetik behin norbait hil dela lanean. 2020a, era berean, urte beltza izan zen: Euskal Herria penintsularrean 75 pertsona hil ziren lanean.

Hau zorte txarra balitz bezala hartzen da, saihestu ezin den kasualitatea. Patronalek, hala nola Confebaskek, onartu ezin den tragedia pertsonalaz eta enpresarialaz hitz egiten dute, baina, aldi berean, mila langileko lan-istripuen indizea murrizten ari dela azpimarratzen dute. Hildako horiek izan ezik, denak pozik, orduan. Azkenean, erabiltzen gaituenarentzat zenbakiak besterik ez gara, aurkibideak.

Behin-behineko kontratua duen langile batek, behin betiko kontratua duen beste baten aurrean, %70etik gorako arriskua du lan-istripua izateko. Hori ez da lan-esperientzia faltaren ondorio, baldintza txarren ondorio zuzena baizik. Gainera, kolektibo horrek lan-baja gutxiago hartzen du, kontratua ez berritzeko arriskua dagoelako. Beraz, behin-behineko kontratuarekin egoteak istripu-arrisku handiagoa dakar, eta, gainera, osasunak okerrera egiten du, lanarekin jarraitu ala ez erabaki behar baita.

Horri gehitu behar diogu lan-istripu bat izateko arriskua handiagoa dela 1-25 langile bitarteko enpresetan, gure enpresa-sarean ohikoa den tamaina. Enpresa mota horietan, enpresariarekiko harremana "estua" da. Horrek enplegatzailearen zaintza eta kontrol zuzenagoa eskatzen du, "lanera etortzeagatik ordaintzen dizut" eta "ekoiztu egin behar da, edozein dela ere" komentarioak eguneroko ogia baitira.

Laneko arriskuen prebentziorako ordezkariak edo segurtasun- eta osasun-batzordeek duten erantzukizuna ere azpimarratu behar da. Erantzukizun horietarako hautatutako langileek laneko arriskuen prebentzioa lantzeko betebeharra dute; enpresa txiki eta ertain askotan ez dute hori egiten, paper burokratikoak betetzetik harago, beren lankideen osasunaren kontura. CNTko sail sindikalek ahalegin berezia egin behar dugu, eta arriskuen prebentzioa modu sistematikoan sartu ekintza sindikalean: horrek prestakuntza eskatzen digu, gure osasuna babestea baita lehentasun osoa. Osasunik gabe, gainerakoa osagarri bihurtzen da.

Datuak gordinak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan 46.585 lan-istripu erregistratu ziren 2019an, eta horietatik 308 oso larriak izan ziren. Hau da, 127 istripu eguneko. Datu horietan ez dira sartzen gaixotasun profesional ugariak, Mutuen edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren mende baitaude haien azken oniritzia. Adibiderik garratzena amiantoarekin dugu, kasu gehienetan epaitegietan amaitu behar baita, sarritan langilea hil ondoren. 1998tik 2.442 pertsona hil dira Euskal Herrian, azkena apirilaren 14an, Fortunato Martin, Lasarteko Uralita biltegiko langilea.

Arrisku psikosozialen ondoriozko gaixotasunak beste mundu bat dira. Oso zaila da hauei buruzko estatistika zehatzak lortzea; gainera, zaila da hauei aurre egitea, uste baita lan-gainkargak eta gehiago ekoizteko presioa lanaren parte naturalak direla. Presazko epeak, txanda-aldaketak, ordutegi aldaezinak, aurreikusi ezin den lan-ordutegia, zereginen definizio falta, lan prekarioa eta soldata txikiak, eta indarkeria mota desberdinak (fisikoa, psikologikoa, langileen artean edo bezeroekin), estresa,... faktore psikosozial  ohikoenak dira, eta enpresek normalizatzen dituzte. Enpresen helburu nagusia irabaziak lortzea da, langileei gainbalioa xurgatuz; eta arrisku psikosozialak handitu behar badira, berdin zaie. Hau ezin daiteke izan, lan egiteagatik ordaintzen digutelako, ez lanean osasuna galtzeagatik.

Arazo publiko hori saihesteko, Administrazioak gai horretan eskua sartzeko betebeharra eta erantzukizuna du. Horretarako, enpresak lan-osasuna bermatzera behartzen dituzten bitartekoak jarri beharko lituzke, lan-istripuak saihesteko daukagun tresna publikoa erabiliz. Lan Ikuskaritza Eusko Jaurlaritzak lan-osasuna bermatzeko duen tresna da. Hala ere, zein da eremu honetan egiten duen ahalegina?

Hasteko, 2020ko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 33 ikuskari daude jardunean; Bizkaian, berriz, 15 dira ikuskaritza-lana egin dezaketenak. Lurralde historiko horretan, ikuskari bakoitzari 29.437 langile dagozkio; Araban eta Gipuzkoan ratio horiek zertxobait hobeak dira, baina antzeko kopuruetan mantentzen da. Bizkaian, ikuskari bakoitzak 300 espediente betetzen ditu urtean, lan karga handia daukatelako. Lan Ikuskaritza nahiko desegituratuta dago eta ez dago enpresetara prebentzioa egitera joateko aukera materialik. Eusko Jaurlaritzak planifikatutako hondamendia, hara.

Alderatu ditzagun Lan Ikuskaritza eta polizia-ratioak. Ertzain bat dago 274 pertsona bakoitzeko, edo 199, udaltzainak ekuazioan sartzen baditugu. Ikuskatzaile bat dago 29.400 pertsonako, polizia bat 199 pertsonako. Argi dago Administrazioak alde batera uzten duela Lan Ikuskaritza, eta hori erabaki politikoa da. Aro pandemiko honetan, ertz bakoitzean polizia ikusi dugu, edozein unetan gu geldituz; ez dugu ikusiko Lan Ikuskaritza enpresa batera joaten osasun-arloko lan-legedia betetzearazteko. Eta ez da izango lan-ikuskatzaileek nahi ez dutelako, Eusko Jaurlaritzak nahi ez duelako baizik.

Gai horien guztien ondorioz, sindikatuek prebentzio-arloan jarduteko aparteko betebeharra dugu, baina langile garen aldetik, prestakuntza jasotzeko eta lan-osasunarekin zerikusia duen guztia betearazteko betebeharra dugu. Guk egiten ez badugu, salduta gaude.
Horrela uler daiteke enpresen zigorgabetasuna langileen osasunaren aurka egiten duenean, hainbeste hildako, lan-gaixotasun eta lan-istripuekin; izan ere, zaintzaile lanak egiteko betebeharra duenak (Administrazioak) paso egiten baitu. Horrek kostu handia du, eta ez soilik ekonomikoa: pertsonen duintasunaren galera eta osasun mentalaren okerragotzea dira bi adibide. Kostu horiek ikusezinak dira, langileok gure poltsikotik eta gure osasunarekin ordaintzen baitugu. Azken finean, egoera hau klase borrokaren enegarren adibidea da. Eta badakigu noren alde dagoen gobernua.

 

 

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena